XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Patiora ematen duten lehiatilen bitartez ziegetan zigortuta daudenei kaferik edo bertzelakorik pasatzea debekatuta dago.

Intsumitu batek parte larria-zigorra jaso berri du horregatik.

Iluntzen hasia da eguna eta moduluen arteko patio txikira gindoazela, berau ere itxita dagoela erran digu boki batek.

Galerian egon behar beraz.

Iluntzerako patiotik bota izana, droga jaurtitzaileak ekiditeko modua dela azaldu didate intsumitu kideek.

Karrikatik plastilina barruan bota ohi baitute drogarik.

243 ziegan, 1994ko urriaren 6an, ortzeguna

Sirenak jo du.

Goizeko zortziak.

Jaiki, aurpegia garbitu ispilurik ez dago eta jantzi.

Ohea egin dut (ez dakit zergatik, etxean ez baitut egiten).

Bertze sirena zarata.

Goizeko zortziak eta laurden.

Atea noiz irikiko duten zain nago.

Soinurik ez.

Zortzi t'erdiak.

Sirena.

Galeriako atea ireki eta itxi egin dela adierazten duen arrabotsa.

Ziegak irekitzeari ekin diote.

Zerraila erraldoien mugimenduaren oihartzuna entzun daiteke, gero eta hurbilago, nire ziegarena zarata siku eta bortitzez ireki duten arte.

Atera naiz.

Robotak jangelarako bidean gaude.

Gosaldu eta berriro joan gaitezke ziegara, berau garbitu eta txukuntzeko.

Patiora joan, dutxatu edo ziegan gelditu.

Hori da bederatzi t'erdiak arte dagoen aukera.

Nik patiorako bidea hartu dut.

Ez nuen minutu bat bera ere bakarrik egon nahi.

Kafea hartzeko ordua.

(Edozein ordu da kafea hartzekoa).

Ordu bata arte patioan egon gaitezke orain.

Hitzegiteko orduak.

Apaizak 200 pezeta ematen ohi die igandean elizara doazenei.

Arrakasta izugarria du; batez ere gazteen moduluan.

Intsumisioari buruzko eztabaidaren bat beti dago pil-pilean.

Taldetxo batek edo bertzeak gai horri heltzen dio.

Ekarri dituzten egunkariak irakurtzeko ordua da.

Euskaldunon Egunkaria, sei harpidetza, egunekoa; Egin, hamar harpidetza inguru, atzoko alea; El Mundo, hiru harpidetza, atzoko alea; Diario de Noticias, bizpahiru harpidetza, egunekoa.

El País, Deia eta Diario de Navarra espetxeak berak erosten ditu.